Zoru klausulen erreklamazioak

Jakinarazten dizut Laudioko Udalbatzak, 2017ko urtarrilaren 30rean egin duen ohiko Osoko Bilkuran, besteak beste, honako mozio hauxe onartu duela:

ZORU KLAUSULEN ERREKLAMAZIOAK

ZIOEN ADIERAZPENA

Instituzioek eta Estatuko Gobernuak modu argian egin behar dute zoru klausulek kaltetutako pertsonen alde, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016ko abenduaren 21ean emandako epaia bete dadin; epai horrek indargabetu egiten ditu argi ulertzen ez diren eta gardenak ez diren zoru klausulak eta finantza-entitateak behartzen ditu hipoteka eratu zenetik bidegabeki kobratutako zenbatekoak itzultzera.

Milioi eta erdi kaltetutik gora argitu beharko dute euren egoeran dirua itzultzea eska dezaketen eta erreklamazio prozesua abiarazi dezaketen finantza-erakundeek bidegabeki kobratu dizkieten zenbatekoak itzul diezazkieten eskatzeko.

Gure udalerrian badira zoru klausulek kaltetutako pertsona ugari eta, gaur egun, dilema handia dute, ez baitakite erreklamatu behar ote duten, hala izatekotan nola egin behar duten eta bide judizialera joan behar ote duten.

Dirudienez, Gobernuak itzulketak bizkortuko lituzketen epaitegiez kanpoko prozedurak ahalbidetzeko eman duen Lege Dekretuak ez du argi uzten bankuek betebeharra ote duten zoru klausulengatik kobratu duten diru guztia itzuli behar duten.

Gure aburuz, ez da nahikoa finantza-erakundeei aplikatzeko jardunbide onen kode bat ezartzea; kaltetutako pertsonei arrazoi bidegabeengatik ordaindu duten diru guztia itzuli behar zaie eta, esaterako, ez lukete euren gain hartu beharko hipoteka aldatzeko notariotza-kostuak.

Laudio Udalean badakigu hipoteken zoru klausulek kaltetutako pertsona guztiei laguntza eman behar diegula, eskura ditugun tresnen bidez, finantza-entitateei erreklamazioak aurkezteko prozedurari buruzko orientazioa eta informazioa emanda. Betebehar moral eta politikoa dugu alderdi politikook herritarren zerbitzura lan egiteko.

Udalak ezin die kaltetutako pertsonei lege-aholkularitza eman, baina arreta eta informazioa eman diezaieke kontsumo-bulegoaren bidez, erreklamazioak aurkezten laguntzeko.

Horiek horrela, Laudio Udaleko talde sozialistak mozio hau aurkeztu du Udalbatzaren Osoko bilkurak onetsi dezan:

1.- Laudio Udalak konpromisoa hartzen du udalerrian kokatutako finantza-erakundeei eskatzeko berehala indargabetu ditzatela indarrean geratzen diren zoru klausulak eta pertsona kaltetuek hipoteka sinatu zuten unetik aurrera zoru klausulen ondorioz ordaindu zituzten zenbatekoak itzul ditzatela, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016ko abenduaren 21ean emandako epaian xedatutakoa betetzeko.

2.- Udalaren Osoko Bilkurak konpromisoa hartzen du zoru klausulek kaltetutako Laudioko pertsonei informazioa eta aholkua emateko kanpaina bat martxan jartzeko, beharrezko informazioa izan dezaten finantza-erakundeei arrazoi bidegabeen ondorioz ordaindutako guztia itzultzea erreklamatzeko, inolako kostu gehigarririk gabe. Horretarako, udal kontsumo bulegoak kanpaina berezi bat jarriko du martxan eta kanpaina tokiko hedabideetan, udal webgunean eta ZUIN aldizkarian iragarriko da.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.