Laudioko Azoka Solidarioa. Gizarte bidezkoago eta solidarioagorantz.

Urriaren 17a Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Udala eta hainbat kolektibo eta gizarte mugimendu batu gara pobreziaren eta desberdinkerien zergatiak eta eragileak salatzeko eta gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzeko eskura ditugun proposamenak zein aukerak ezagutarazteko asmoz.

Beraz, Laudioko herritar guztiok gonbidatuta zaudete urriaren 27ko goizean, Herriko plazan ospatuko den XI. Azoka Solidariora; besteak beste, garapenaren alorrean ari diren tokiko kolektiboen eta GKEn  lana ezagutzeko aukera izango duzue.

Ekitaldia Udalak eta Garapenerako GKEn Euskadiko Koordinakundeak antolatzen dute lankidetzan eta udalerriko zenbait ikastetxetan bideratutako tailerren azken borobiltzea ere bada. Tailer horien bidez eta ikasleekin batera, pobreziaren eta desberdinkerien arrazoiak aztertu ditugu eta errealitatea eraldatzeko egin dezakegunaz hausnartu dugu.

Gaur egun, posible da pobrezia eta desberdinkeriak gizarte guztietatik eta mundutik erabat ezabatzea: gakoa borondate politikoan eta konpromiso solidarioan datza. Herritar guztiok egin dezakegu aldarrikapen hori salaketa, mobilizazio eta parte-hartze sozialaren bidez, baita eguneroko bizitzako ekintza txiki askoren bidez ere. Krisi garai honetan, inoiz baino konpromiso handiagoa izan behar dugu inguruko eta pobretutako herrialdeetako pertsona ahulenekiko. Laudioko herritarrak mobilizazio solidarioaren adibide ona dira, Udaletik finantzatzen diren lankidetza-proiektuen bidez.

2005ean Zero Pobrezia kanpaina sortu zen, presio neurri gisa, Nazio Batuetako kide diren estatuek Milurtekoko Garapen Helburuak bete ditzaten. Besteak beste, gosea eta pobrezia desagerraraztea da xedea.  Hamargarren urteurrena ospatzen dugun honetan ere, kanpainak oihartzuna sortuko du Laudion.

 

Beste garapen eredu baterantz

Krisi globala jasaten ari gara eta krisi horrek agerian utzi du egun dugun sistema ekonomikoak pobrezia eta bazterketa mota berriak sortzea besterik ez duela egiten geroz eta sektore gehiagotan, hala gizartean (batez ere, gazte, emakume eta migratzaileen artean), nola mundu osoan (9 pertsonatik 1ek ez du behar beste elikagai eta mila milioi pertsona baino gehiago eguneko 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi dira). Krisia sortu duen sistemak populazioaren zati txiki bat aberastea lehenesten du, gehienok pobretzearen eta planeta suntsitzearen kontura eta, ondorioz, desberdinkeriak handitzen doaz mundu osoan (% 10a izan arren, aberatsenek munduko diru-sarreren erdia kontrolatzen dute). Logika hori ez da bateragarria bidezko bizitza eredu  jasangarri batekin.

 

Horregatik guztiagatik, jokoaren arau asko errotik eraldatuko dituen eredu berri bat aldarrikatzen dugu. Hazkundearen, kontsumoaren eta lehiakortasunaren mitoetatik askatzen lagunduko digun ordezko eredua behar dugu. Ingurumenari dagokionez iraunkorra den sistema erreklamatzen dugu, pertsonen beharrak ardatz dituena eta ongizatearen eta zoriontasunaren bidean jarriko gaituena. Laburbilduta: aberastasuna bidezko moduan banatzen, ingurumena errespetatzen eta pertsona guztientzat bizitza duina aldarrikatzen duten bizimoduetarantz jo nahi dugu. Abian da aldaketa.

 

Garapenerako GKEn Euskadiko Koordinakundea. www.ongdeuskadi.org

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.