Ura eta ibaiak gure Agendan

2017-2018 ikasturtean, Eskolako agenda 21 programaren bidez Laudioko 7 ikastetxeetako haurrek eta gaztetxoek landu dugun gaia, ura eta ibaiak izan da. Gure etxeetan zenbat ur eta zertarako erabiltzen dugun ikertu dugu. Iturrien egoera aztertu dugu eta Nerbioi ibaira gerturatu gara bertan zein animalia eta landare mota bizi diren ezagutzeko. Uraren kalitatea aztertu eta gure paisaiak eta urak duten erlazioaren inguruan aritu gara hausnartzen besteak beste.

Konturatu gara denon artean uraren erabilera hobetu dezakegula, eta horregatik gure etxeetan erabiltzen dugun ura ez xahutzea eta ez kutsatzeko konpromisoa hartu dugu. Udalari proposatu diogu industrien isurketak kontrolatzea, araztegia lehen bai lehen bukatzea eta zenbait iturri konpondu edo berritu ditzala; edo adibidez, ibaiaren garbiketarako kanpainak antola ditzala.

Aurten gainera lehen aldiz, Amurrio, Luiaondo eta Laudioko 12 ikastetxeetako ordezkari bildu gara gure irakasle, udal teknikari, zenbait alkate eta Aiarako kuadrillako lehendakariarekin. Bileraren helburua Nerbioi ibaiaren inguruan landutakoa partekatzea eta 8 metro baino gehiagoko mural batean irudikatzea. Hitzordua maiatzaren 17an Laudioko Lamuza lorategiko Kasinoan izan zen.

Ekainaren 6an gure lanaren emaitza nagusiak alkateari eta udal ordezkariei aurkeztu genizkien, baita gure konpromiso eta proposamenak ere. Espero dugu kontuan hartzea, denon artean uraren erabilera arduratsua egin dezagun eta gure ibaien osasuna berreskuratu dezagun, Nerbioi ibaia horien buru egonik.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.