Jaietako kanpaina eraso matxisten aurka

Indarkeria matxistak urte osoan irauten du, eta horrexegatik daramatzagu hamar urtetik gora Laudio Udaletik berdintasunaren aldeko konpromiso irmoari eusten, emakumeen nahiz LGTBI+ pertsonen (pertsona lesbiana, gay, trans, bisexual, intersexual, eta arauzkotasunetik kanpo geratzen diren gorputzak, generoak edota sexualtasunak dituzten pertsonen) aurkako indarkeriari aurre egiten, askotariko ekintza, neurri eta kanpainen bidez. Iaz jarri genuen martxan “Laudioko aisialdi edota jai espazioetan gertatzen diren eraso matxisten aurka esku-hartzeko tokiko protokoloa”, jaietan nahiz aisialdi espazioetan errespetutik abiatuta gozatzeko, inolako indarkeria matxistarik pairatu gabe.

Jaiak une egokia dira nahi dugun eredu soziala eraikitzeko, beraz, berdintasunezko jaiak nahi ditugu, askeak, seguruak…

Aurten, ekintza hauek bideratuko dira:

Indarkeria matxistaren aurreko sentsibilizazio eta prebentzio ibiltaria

Indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideei buruzko informazioa emateko sentsibilizazio-ekintzak jai espazioetan. Bikote hezitzaile batek emango du zerbitzua abuztuaren 17an eta 24an, 20:00etatik 23:30etara. Antolatzailea: Laudio Udalaren Berdintasuneko Zerbitzu Unitatea.

Beldur barik gunea: eraso matxisten kontrako espazioa

Eraso matxistarik gabeko stand bat instalatuko da, zeinetan neska mutilek informazio-diptikoak, eranskailuak, txapak, poltsak eta abar izango baitituzte eskura, errespetuan eta askatasunean oinarritutako jaiak sustatzeko. Abuztuaren 23an izango da, 20:00etatik 23:00etara, Batzalarrin kalean. Antolatzailea: Aiarako Kuadrilla.

Preserbatiboaren erabilera sustatzea. Ekimen ibiltaria

Neska eta mutil gazteen artean preserbatiboaren erabilerari buruzko kontzientziazioa. Errespetutik, askatasunetik eta segurtasunetik bizitzeko sexu-harremanak azpimarratzen dira. Preserbatiboak banatuko dira pertsona gazteenen artean, eta informazioa emango da horien erabileraren eta onuren inguruan sexu bidezko infekzioak, GIB, nahi gabeko haurdunaldiak eta abarrak prebenitzeko. Abuztuaren 23an izango da, 20:00etatik 00:00etara, jai esparruan. Antolatzailea: Laudio Udalaren Berdintasuneko Zerbitzu Unitatea. Halaber, Laudioko Udaleko Gazte Zerbitzuak, SIDALAVA-rekin batera, abiatuko du kanpaina nerabe eta gazteek erabili ditzaten preserbatiboak euren sexu harremanetan, eta jarrera positiboa izan dezaten infekzioak eta nahi ez diren haurdunal-diak ekiditeko. Guztira, 2.000 preserbatibo banatuko dira jai eremu ezberdinetan.

Gainera, aurten, aurreko urteetan bezala, jai-esparru desberdinak eraso matxisten aurkako kartelez beteko dira eta, horrez gain, kartel ezberdinak banatuko dira txosna nahiz tabernetan, gogoratzeko lokal horietan ez dela errespetuaren kontrako inongo jarrerarik onartuko. Halaber, Spotify-n aurkitu daitekeen playlist bat ere banatuko da; 160 abestik osatzen dute, Beldur Barik BBdj izenburupean bilduta (Beldur barik 19), letra sexistarik gabeko jaiez gozatzeko.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.