Airu, Cecilia Payne eta Wicked Wizzard, Rockeinen zortzigarren edizioaren kategoria nagusiko finalistak

Koiu, La Tokokera eta La última bala izango dira Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagaiak. Sari nagusia irabaziko ez balu, Cecilia Payne-ek ere tokikoa irabazteko aukera izango luke

Azaroaren 20rako Basauriko Social Antzokian iragarrita dago finala. Dataren inguruan erabaki bat hartuko da indarrean dauden Eusko Jaurlaritzaren neurriak azaroaren 10ean luzatzen badira

Airu, Berangoko Irune Vega abeslari eta konpositore gaztearen proiektu musikala; Cecilia Payne, 80-90 hamarkadetako indie-rocka egiten duen laukote bizkaitarra; eta Mungiako Wicked Wizzard stoner-rock hirukotea. Horiek dira Rockeinen zortzigarren edizioaren sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.

Finalean joko duten beste hiru taldeak Koiu (punk-rocka euskaraz, Galdakao-Usansolo), La Tokokera (cumbia, reggae, merengue, ska, salsa; Galdakaoko taldekide batekin) eta La última bala (rock klasikoa egiten duen hirukotea, Basauriko kide batekin). Hauek Tokiko artistarik onenari saria irabazteko aukera izango dute, Basauri, Arrigorriaga, Galdakao edo Laudion erroldatutako kide bat gutxienez daukaten proiektuak saritzen dituen kategorian. Dena den, kategoria nagusiko Cecilia Payne taldeak ere Arrigorriagako kide bat izanda, sari nagusia eskuratuko ez balu, proiektu hau ere Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagai izateko kontutan hartuko luke epai mahaiak, lehiaketaren oinarriek markatzen dutena jarraituz.

Finala azaroaren 20rako iragarrita dago, ostiralez, Basauriko Social Antzokian. Baina kultura ekitaldiei dagokienean egungo Eusko Jaurlaritzaren neurriak azaroaren 10ean luzatzen diren ala ez jakitera itxarongo da, finalaren inguruan erabaki bat hartzeko. Indarrean dagoen dekretuak Basauriko edo mugakideak diren herrietako pertsonei bakarrik baimentzen die Rockeineko finalera joatea. Honek Laudioko herritarrak baztertuko lituzke, nahiz eta euren Udalak lehiaketaren antolakuntzan lagundu.

Ohi bezala, Euskarazko artistarik onenaren eta Publikoaren sariaren irabazlearen izenak finalean bertan jakinaraziko ditu epai mahaiak. Azken kategoria honetarako bozketak iragan uztailaren 25ean itxi ziren eta 2.187 lagunek parte hartu zuten.

Rockeinen zortzigarren edizioak parte hartze marka gainditu du bosgarren urtez jarraian, 169 artistak izena eman ostean. Azken urteetan Rockeinen antzeko helburuak dituzten beste lehiaketa batzuen sorrerak ekarri duen albiste pozgarriaren ondoren , Nerbioi-Ibaizabalen jaiotako lehiaketa Euskal Herri mailan erreferentzia bezala indartu da, parte hartze datuei eta jasotako proposamenak berritzeko erakutsitako gaitasunari erreparatuz gero. Rockeinek amateurismotik alor profesionalerako pausua ematen saiatzen ari diren proiektu berriei laguntzeko hasierako izpirituarekin jarraitzen du.

Parte-hartzearen bilakaera

2013: 85 parte-hartzaile

2014: 105 parte-hartzaile

2015: 95 parte-hartzaile

2016: 110 parte-hartzaile

2017: 129 parte-hartzaile

2018: 135 parte-hartzaile

2019: 146 parte-hartzaile

2020: 169 parte-hartzaile

Rockein Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz. Eta Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa musikala da.

JOKOAN DAUDEN SARIAK:

Artista irabazlea

-EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.

-EParen 500 kopia diseinatu eta editatzea, CD euskarrian.

-Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.

  • Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Tokiko artistarik onena

-Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Artistarik onena euskaraz

-Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.

-Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Publikoaren saria

-Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

 

Informazio gehiago:

www.facebook.com/rockein

Twitter: @rockeinrock

www.basauri.eus

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.