Alkateak dei egin die herritarrei COVID-19ri eusten laguntzeko

Ander Añibarrok herritarren gizarte-jarduera ahalik eta gehien mugatzea eskatu du, aire zabaleko kirol-jarduera gomendatu du, bakarka edo bizikidetza-nukleoaren arabera, eta kultura-, gizarte-, kirol-, sindikatu- eta enpresa-taldeei eta beste edozein motatakoei gonbita egin die beren kideen aurrez aurreko bilerak eragiten dituen edozein jarduera atzeratzeko

Alarma-egoera deklaratu ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak prebentzio-neurri espezifikoak ezarri zituen COVID-19ri aurre egiteko, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz. Hala ere, datu epidemiologikoek, oro har, eta, bereziki, gure udalerrian, ez dute baikorrak izateko aukerarik ematen. Bilakaera oso negatiboa da, eta herritar guztiak jabetu behar dira egoeraren garrantziaz, bai gure osasunean, bai gure ekonomian.

Aurreko guztiagatik, Ander Añibarro Laudioko alkateak dei egin nahi die herritarrei, hainbat ordenatan, pandemiari eusten laguntzeko. “Deialdi horrek ahalik eta gehien mugatuko luke auzotarren gizarte-jarduera, eta familiaren eta/edo lagunen arteko bilerak horretarako egokiagoak diren uneetara atzeratuko lirateke”.

Halaber, “Kirol jarduera modu indibidualean edo bizikidetza nukleoaren arabera aire zabalean egitea eskatzen da, ahal den neurrian, esparru itxietan egitea mugatuz”, gaineratu du. Deialdi orokor hori kultura-, gizarte-, kirol-, sindikatu-, enpresa- eta beste edozein motatako taldeei ere luzatu nahi zaie, kideen aurrez aurreko bilerak eskatzen dituzten jarduerak geroratu ditzaten.

Udal-zerbitzuen jarraitutasuna

Laudioko Udalak bere zerbitzu guztiak ematen jarraituko du, salbuespenik gabe, eta betiere pandemiari eusteko neurriekin bateragarriak badira. Nolanahi ere, Herritarrentzako Arreta Zerbitzura hurbildu aurretik, aldez aurreko hitzordua erabiltzeko eskatzen zaie herritarrei, pilaketak saihesteko eta, horrela, zerbitzua modu seguru eta eraginkorrean emateko.

Halaber, Añibarrok herritarrei eskatu die zorrotz bete ditzatela osasun-agintariek ezarritako segurtasun-neurriak (maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantziak eta eskuak maiz garbitzea) eta pandemiaren datuen bilakaeraren arabera igortzen diren guztiak.

Amaitzeko, alkateak Laudioko herritarrei eguneroko jardunean arduraz jokatzeko eskatu die. “Ezohiko neurri horien helburua koronabirusaren hedapena geldiaraztea da, eta herritar guztien lankidetza arduratsua eta ulermena eskatzen dute, haren hedapena errazten duen edozein jarduera saihestuz”.

Bando osoa: http://laudio.eus/eu/udala/bandoak-eta-iragarkiak

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.