Dolumin Barikua. Egitaraua

Martxoaren 18an, Aberedunaken eskutik antolatuta, ospatuko da Dolumin Barikua. 8:00etan zabalduko ditu ateak azokak, eta 17:00ak arte egongo da abereak eta baserritarren produktuak ikusi edo erosteko aukera. Horretarako, Udal Lanbide Heziketa Eskolako aparkalekua azoka eremu bilakatuko dute. Bertan, behiak, zaldiak, ahuntzak, ardiak eta hegaztiak ikusteko aukera egongo da. Aldai Plazan, aldiz, nekazaritzarako erabiltzen den makinaria erakusketa egingo dute. Baserritarren eta artisauen produktuak Herriko Plazako postuetan dastatu edo erosteko beta ere izango dute herritarrek. Festa eremua girotzeko musika egongo da egun osoan zehar.

Bolo txapelketa

Dolumin Barikuko Sari Nagusia jokatuko da hilaren 18an San Roke bolatokian. Txapelketa goizez eta arratsaldez izango da. Lehen txanpa 10:30etik 12:00etara egingo dute, eta bigarrena 17:30etik 20:00etara. Antolatzaileek aurreratu dutenez, sari potoloak egongo dira.

 Herri kirolak Dolumin Barikuan

Martxoaren 18an ospatuko da Dolumin Barikuko VI. Aizkolari Txapelketa. Lehiaketa Aldai plazako karpan gauzatuko da 12:30etik aurrera. Ekitaldian harrijasotzaile bat ere izango da. Horretaz gain, 18an, 20an eta 22an Dolumin Barikuko XLVI. Idi proba Txapelketa ospatuko da San Roke probalekuan Lauzaldiren eskutik. Proba guztiak 19:00etan hasiko dira, hilaren 22koa salbu, 21:00etan izango baita.

 Araba Euskarazeko materiala Dolumin Barikuko azokan salgai

Aguraingo Lautada Ikastola buru belarri ari da ekainaren 19an antolatuko duen Araba Euskaraz jaia prestatzen. Hala, dirua lortzeko helburuarekin kanpainako materiala salgai izango dute hilak 18an, Dolumin Barikuko azokan. 

Euskal mitologiako buruhandien aurkezpena

Basalarrina elkarteak euskal mitologiako pertsonaiekin osatutako buruhandien aurkezpena egingo du martxoaren 18an 18:00etan Herriko plazan. Pertsonaien artean Mari, Tartalo, Basajaun, Akerbeltz, Sorgin eta Mikolasa daude. Egitasmoa kultur elkarteek eta ikastetxeek sustatu dute, Laudioko udalak babestuta.

 

Gure Esku Dagoren ekitaldia

Gure Esku Dagok “Argitu erabakia. Ilumina la decisión” izeneko ekitaldia egingo du martxoaren 18an, Dolumin Barikuan. Hitzordua 19:00etan izango da Herriko plazan. Hala ere, bezperan, hilak 17an, ekimenaren inguruko hitzaldi bat antolatuko dute Kultur Etxean. Hitzordua 18:30ean izango da, eta aurrez jakinarazi beharko da asistentzia, lekua aldatuz gero partaideak abisatzeko.

 Andere abesbatzaren eta Santa Lucia koralaren kontzertua

Andere abesbatzak eta Santa Lucia koralak kontzertu bana eskainiko dute hurrengo astean. Martxoaren 18an 20:00etan izango da lehendabizikoa, Santa Lucia koralarena. Bertan, obra sakro  kontenporaneoez gain Hego Ameriketako “Alma Llanera” bezalako abestiak kantatuko dituzte, baita Itoitz taldearen “Lau teilatu” edo Kalakan taldearen “Sagarra jo” ere.  Bigarren emanaldia, Andere abesbatzarena, biharamunean izango da, martxoaren 19an 19:00etan. Bi kontzertuak San Pedro elizan izango dira.

 

Nafarroa Kantu Taldearekin kalejira

Dolumin Barikuaren baitan, martxoaren 18an, Laudioko kaleak musikaz beteko dira Nafarroa Kantu Taldearekin. Kalejira 20:00etan abiatuko da Herriko plazatik. Bertan, euskal kantu tradizionalekin gozatzeko aukera egongo da.

 

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.