Gazteria Zerbitzuak gailu digitalei buruzko bi ikastaro eskainiko ditu gurasoentzat

Lehenengoa urriaren 20an eta 27an emango da, Aretako Fabian Legorburu HLHIko Liburutegian; bigarrena, berriz, 22an eta 29an, Herriko Plazako Erabilera Anitzeko Aretoan

Laudioko Udaleko Gazteria Zerbitzuak gailu digitalen (mugikorra eta tableta) oinarrizko erabilerari buruzko bi ikastaro eskainiko ditu. Ikastaro horiek udalerriko ikastetxeetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzenduta daude.

Juan Jesus Merchan Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak gaur goizean jakitera eman duenez, “Lau ordu dituzten eta doakoak diren ikastaro hauei esker, parte hartu nahi duten gurasoek gailu digitalen oinarrizko erabilera ikasiko dute, eta xehetasun handiagoz ezagutuko dituzte Instagram, Whatsapp, YouTube eta Snapchat bezalako sare sozialak eta horiek eskaintzen dituzten funtzioak”.

Era berean, parte-hartzaileek zuzenean jakingo dute non dauden datuak tresna digitaletan eta aplikazio mugikorretan, pribatutasun-aukeren bidez. “Gurasoak gehien kezkatzen dituen beste gaietako bat adingabeek sare sozialetan izan ditzaketen arriskuak jasotzen dituena da, eta ikastaro horiei esker jakin ahal izango dute hori”, adierazi du zinegotziak.

Halaber, aholkuak eta gomendioak emango dira erabiltzailearen oinarrizko segurtasuna bermatzeko, eta legezkotasunari, irudi-eskubideari, ohoreari eta intimitateari buruzko datuak emango dira. Merchanek aurreratu duenez, “Ikastaroak modu digitalean grabatuko dira, nahi duen edonork etorkizunean udalaren webgunearen bidez ikusteko aukera izan dezan”.

Ordutegia eta izen-emateak

Ikastaroaren ordutegia urriaren 20an eta 27an 16:00etatik 18:00etara izango da, Aretako Fabian Legorburu HLHIko Liburutegian, eta 22 eta 29an erabilera anitzeko gelan 17:00etatik 19:00etara.

“Ikastaroan parte hartu nahi dutenek izen-abizenak, telefono zenbakia eta adina adierazi beharko dituzte Udaleko Gazteria Zerbitzuan, 08: 00etatik 14: 30era, 94 403 48 50 telefonoaren bidez edo hezkuntza@laudio.eus posta elektronikoaren bidez”, amaitu du Juan Jesus Merchanek.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.