Larunbatean Laudion jokatuko da EH-ko Bote Luzeko finala

Gipuzkoa 2 eta Bizkaia lehiatuko dira Lamuza parke eraberrituan kokatutako frontoi ireki zabalean

Euskal Herriko Bote Luzea txapelketak, finalistak izatetik aparte, badu jada data eta tokia ere. Laudioko LAMUZA parkean kokatuta dagoen frontoi irekian jokatuko da finala datorren larunbatean, urriaren 28an arratsaldeko 17:30etan hasita.

Gipuzkoa 2 eta Bizkaia lehiatuko dira. Pronostikoa ez da erraza. Gipuzkoarrak iazko azpitxapeldunak dira eta finalerdietan txapelduna garaitzetik datoz. Bizkaitarrak estreinekoz aritu dira jokamolde honetan eta benetan itxura ona eman dute jokatutako lehia denetan. Bikainena agian finalaurrekoetan Irurita-n non nafarrak 2-9 garaitu zituzten.

Finala edozeinek irabazi dezakeenaren sentsazioa dago. Ia partidu ona ateratzen den bakoitzak berea ematen duenarekin batera.

BOTE-LUZEA

Bote luzea bi talderen artean jokatzen den euskal pilota modalitatea da, ezagutzen den zaharrena, gaur egun esku huska jokatzen den bakarra da. Ez du paretarik behar, jokamolde zuzena da, marra jokoa alegia. Garai batean artzainek jokatzen zuten mendietako belardietan soropil edo pilota soro izenekoak, sakea harri batean eginez. Gaur egun plazan jokatzen da, berreskuratzeko lanetan aurrerapausoak ematen dira, eta txapelketak antolatzen.

Antzina oso zabaldua zegoen Europan XX. mendearen bigarren erdian galdu zen Euskal Herrian. Zuberoan gorde zen hobekien, 1950-1960 urteen inguruan jaiotako zuberotarrek ezaguna baitute jokoa. Valentzian bizirik iraun du oso antzekoa den eta jatorri bera duen joko batek, llargues izenarekin; hala ere, badira zenbait ezberdintasun, hala nola sakea.

Arauak

Taldeak lau edo bost pilotarik osatzen dituzte, normalean. Eskuz jokatzen da, tresnarik gabe, eta gehienbat airez jokatzen den arren, pilotak bote bat ematea ere onartzen da. Pilotak gozoak dira, 110 gramoko pisukoak.

Jokalekuak 55-60 metro luze eta 12-15 metro zabalekoak dira, normalean. Sakerako, botarri izeneko harria erabiltzen da, joko zelaiaren mutur batean ezarria; edo, mahai jokoa izeneko aldaeran, lau hankako mahai laukizuzen bat, joko eremuaren erdi-erdian ezarria (gainerakoan, bote-luzearen arau berberak ditu). Zelaia zatitzen duen marra botarritik 35 metrora ipintzen da.

Luzeko joko guztiak bezala, kintzeka eta jokoka kontatzen da: 15, 30, 40 eta jokoa. Kintzeaz gainera, arraiak erabiltzen dira, joko eremua aldatu eta sakea trukatzeko.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.