Laudio, fracking gabeko herria

2015/03/30eko ohiko bilera

Fracking Ez aiaraldea plataformak hurrengoa azaldu nahi du:

Bitarteko energetikoak lortzeko behar itogarriaren aurrean Laudio inguruan gasa fracking bezalako teknikekin bilatzen hastea aukera bat da eta errealitatea bilakatu daiteke. Teknika berri hau bestalde ez da Euskal Autonomi Erkidegoan frogatua izan.

Berez, Laudion zein bere inguruetan dauden lurrazpiko eskisto geruzetan legokeen gasa ustiatzen hastea posible litzateke, zulaketa eta frakturazio hidraulikoan oinarritutako teknika hauen bidez.

Gure herria %100 ondare publikoz eraikitako SESHA izeneko enpresari emandako SAIA izeneko baimenaren menpe dago. SAIA baimenak inguruko beste herri asko barne hatzen ditu eta hauetako askok frackingaren kontrako mozioak aurkeztu eta onartu dituzte. Besteak beste Amurrio, Aiara, Arrankudiaga-Zollo, Orozko eta Zeberio izan dira herri horiek.

Fracking izeneko teknika berri honek kritika zorrotzak jaso ditu esparru sozial ezberdinetatik eta Laudioko aranarekiko zein bere eskualdearekiko geografikoki zein ikuspegi sozialetik oso ezberdinak diren inguruneetan erabili da teknika orain arte.Frackinga aurrera eraman den herrialdeetan arazo anitz sortu dira, besteak beste uren eta akuiferoen kutsadura, lurraldearen okupazioa, lurrikarak, ingurune naturalaren eta nekazal eremuen kutsadura eta osasunaren aurkako mehatxuak areagotzea.

Sortutako kezkek dokumentu eta testigantza ugarik babesten dituzte eta teknika honen inokuitatea zalantzan jartzen duten azterketa zientifikoak zein teknikaren ustezko etekin ekonomikoa dudan jartzen duten ikerketa ekonomiko aski sendoak daude, frackingaren kontra legeria egin duten Frantzia eta Alemania moduko herrialdeak ahaztu gabe.

Zalantzarik gabe teknika honen inguruan eztabaida handia sortu da, ingurugiroaren errespetuari dagokionez berme gutxi suposatzen dituelako. Laudion ere agerikoa da kezka hau, non teknikarekin desadostasuna erakusten duten 1937 sinadura bildu ziren. Guztira 103.000 sinadura baino gehiago jaso ziren erkidego osoan, frackingaren kontra, Fracking Ez plataformak Eusko Legebiltzarrean EAEn frackingaren debekua eskatzeko aurkeztu zuen Herri Ekimen Legegilea bermatzen dutenak.

Jakin badakigu gai honetan legea egiteko aukerarik ez dugula, baina honako mozio honek modu sinbolikoan bada ere herriaren borondatearen adierazpena dela uste dugu.

Teknika berri honek sortzen dituen arazo anitzak kontutan izanik, eta arazo hauek herrian sortzera hel daitezkenaren kezkari erantzunez, mozio honek herriaren borondatearen aitortza izatea bilatzen du, Frackinga herrian egin dadin galarazteko.

Gainera mozio honek zuhurtzia printzipioa aldarrikatzen du, zeinak ingurugiro edota osasunarentzako mehatxuak eta ikuspegi zientifikotik zalantzak egotekotan, kalteak ekiditeko neurri guztiak hartzera behartzen duen. Europar Batasuneko funtzionamendu itunak bere 191. artikuluan honakoa zehazten du: “Ingurumen alorrean batasuneko politikak babes maila goi batera iristea izango du helburu betiere batasuneko lurraldeen egoera eta izaera aniztasuna kontutan izanik. Zuhurtzia printzipioetan eta neurri prebentiboetan oinarritukoa da eta ingurugiroaren kontrako erasoen zuzenketa bilatuko du ahal dela gaitzaren iturrian bertan eta kutsatzen duenak ordaindu beharko duenaren printzipiopean.”

Honengatik guztiagatik, Fracking Ez Aiaraldeak, hurrengo mozioa Udal Osoko Bilkurari aurkezten dio, eztabaidatua eta onartua izan dadin.

Laudioko Udal Osoko bilkurak honako akordioa egiten du:

  1. Laudio Fracking-ik gabeko herri aldarrikatzea.
  2. “Fracking Ez” logoa udal dokumentu zein argitalpenetan txertatzea.
  3. Herriko sarreretan “Fracking ez, ez Laudion ez inon” leloarekin eta udalerriko armarriarekin bideko seinaleak jartzea.
  4. Zuin aldizkariaren bitartez adostutako akordioa herritarrei jakinaraztea.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.