Laudio Ikastolak guraso bilera telematikoak jarri ditu abian

DBH etapako mailatan abiatu da esperientzia eta datozen asteetan Ikastolako gainerako etapatara zabaltzeko asmoa du zuzendaritzak

Bigarren Hezkuntzako etapatan ikasle bakoitzak bere ekipo propioa du eta ikasleek telelanean aritzeko pilatutako eskarmentua baliatu dute guraso bilera deialdiak abian jartzeko

2020ko apirilaren 30a, osteguna. Ikasleen jarduera akademikoa elikatzeaz haratago, Hezkuntza Komunitate osoa harremanetan jartzeko ekimenak jarri ditu abian Laudio Ikastolak, oraingoan guraso bilera telematikoak burutuz.

Bileren xedea ez da arlo akademikoren jarraipenera mugatu eta familiek elkarren berri izatea ahalbidetzeaz aparte, komunitatearen jarraipen emozionala ere bileren gai zerrendako puntuetako bat izan da.

Osasun krisiak eragindako konfinamenduak aurrera egin ahala Laudio Ikastolak ikasle guztiekiko harremana telematikoki bermatzeko ahaleginean aritu da. 0 urtetik 18 bitarteko ikasleen familien egoera anitza da eta etapa bakoitzeko ikasleen ezaugarrietara moldatu du harreman telematiko hori. Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrera, ikasleek beraiek era autonomoan irakasleekiko  harreman hori kudeatzeko konpetentzia digital minimoa dute eta hortik beherako mailatan, gurasoen bidez abiatu da esperientzia, Haur Hezkuntzako 1. Zikloko 0, 1 eta 2 urteko ikasleak barne.

Beste edozein ikastetxetan bezala, harreman telematiko hori komunitate osoarentzat bermatzea izan da Laudio ikastolak erantzun duen erronka nagusietako bat, horretarako gutxieneko tresna eta konexioak bermatzeko ekimenak zabaldu ditu familien artean, hala behar duten ikasle guztiek lanerako tresna egokia izan dezaten eta baita ere konexiorik  gabe aurkitu diren familiek Ikastolak lortutako  4G rourterrak eskura ditzaten.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.