Laudiok balkoietatik danborrada historiko batekin omenduko du San Prudentzio

Horrela, Arabako patroiari eskainitako tradizioa bizirik mantendu nahi da, eta, aldi berean, Alarmako Egoerak ezarritako konfinamendu-neurriak errespetatu

2020ko apirilaren 15a, asteazkena. Duela zenbait egun, Laudioko Udalak herriko hainbat jai bertan behera utzi zituela jakinarazi zuen; besteak beste, Arabako zaindariaren egunari dagokion danborrada herrikoia, San Prudentzio. Hala ere, egunak igaro ahala, gehiago dira udalerriko kultura- eta jai-espiritua bizirik mantentzen saiatzeko sortzen diren aukerak, eta, aldi berean, Alarmako Egoerak COVID-19 koronabirusaren hedapena geldiaraztea bilatzen duen adierazpenak ezarritako neurriak errespetatzen dira. Hori dela eta, Udalak San Prudentzioren omenezko danbor erredoblea leiho eta balkoi guztietara eramateko eskatu die herritar guztiei.

Maite Cortazar Jai zinegotziak aitortu duenez, “San Prudentzio ospatzeko aurreikusitako ekitaldiak bertan behera uztera behartuta ikusi ondoren, pentsatu dugu ideia ona litzatekeela hain tradizionala den danborrada gure balkoietara eramatea, aste hauetan benetako ikono bihurtu baitira”.

“Udalak elkarrizketak izan ditu ikastetxeekin eta Rakatapla elkartearekin, beste urte batez, tradizio hori mantentzeko eta bideo bat grabatzeko. Bideo hori www.laudio.eus webgunean eta udaleko sare sozialetan argitaratuko da, interesa duten pertsona guztiek dagozkien entseguak egin eta jarraitzeko aukera izan dezaten”, gaineratu du.

Danborrada berritzailea

Horrela, Udalaren bultzadarekin, ikastetxeen eta Rakatapla elkartearen laguntzarekin, danbor hotsak izango dira apirilaren 27an, San Prudentzio bezperan, 20:05ean, sanitarioei eskerrak emateko txalo zaparrada egin eta berehala. Horretarako, “udal-webgunera sartuta, modu espezifikoan gaitutako esteka batera, egun horretan eta ordu horretan, Osoko Bilkuren Aretotik “Erretreta” eta “San Prudentzio martxa” zuzenean emango dira, denok entzun ditzagun musika eta danbor laudioarrak modu akonpasatuan”, Cortazarrek adierazi duenez.

“Badakigu ez dela gauza bera izango, baina gure lurraldeko patroia, San Prudentzio, ospatzeko modu bat da, eta, aldi berean, ezkutuko ilusioei eta itxaropenei eusten diegu, ekitaldi horiek herria are gehiago lotzen baitute une zail hauetan”. Azkenik, Maite Cortazar Jaietako zinegotziak laudioar guztiei dei egin die inoiz baino indar eta gogo gehiagorekin parte har dezaten, beren danborrekin edo soinu hau imitatu dezakeen edozein objekturekin.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.