Laudiok bat egin du Bizilagunak kultur arteko topaketekin

Laudiok bat egin du Bizilagunak kultur arteko topaketekin

Azaroaren 17an eguerdian bazkaria eta txokolatada izango da Herriko Plazan, 17:00etatik aurrera

  Laugarren urtez segidan eta lurraldeko Zurrumurruen aurkako Estrategiaren testuinguruan, CEAR-Euskadik eta Arabako Foru Aldundiak Bizilagunak bazkariak antolatu dituzte, datorren azaroaren 17an (igandea) egitekoak direnak.

Egun horretako bazkarian, Arabako hainbat etxe eta txokotan jatorri kultural ezberdinetako familiak batuko dira, igandeko bazkaria partekatzeko eta zurrumurru arrazista eta xenofoboak alde batera uzteko, kultura arteko bizikidetzaren alde.

Virginia Cid CEAR-Euskadiko kideak espazio horien garrantzia azpimarratu du: “Gezurrezko zurrumurru arrazistak, diskurtso politiko populistak eta xenofobiaz betetako iritzi publikoa ari gara bizitzen une hauetan. Horregatik, Bizilagunak ekimenak sekulako garrantzia du kultura-aniztasunerako espazioak sortzeko iniziatiba komunitario eta kolektibo gisa. Horrez gain, ekintza politiko bat da kultura-nahasketaren alde eta diskriminazioaren aurka”.

Nerea Melgosa Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak kultura arteko bazkariak Arabako Foru Aldundiaren Zurrumurruen aurkako Estrategiaren barruan kokatu ditu; duela hiru urte jarri zuen abian Foru Aldundiak ekimen hori. “Emaitzei esker, egindako lanaren irudi positiboa lortu dugu, eta argi geratu da zubiak sortzen, elkar ezagutzen, hitz egiten eta partekatzen jarraitu behar dugula, aurreiritziak eta zurrumurruak alde batera utzita. Ildo horretatik jarraitu behar dugu. Arabako Foru Aldundiaren apustua kultura, jatorri eta erlijio ezberdinetako pertsonen arteko elkarbizitza sustatzea da”, laburbildu du.

 Bizilagunak jarduerak

Araban, Laudion, Santikurutze Kanpezun, Arraia-Maeztun, Amurrion, Artziniegan, Agurainen, Araian, Dulantzin eta Gasteizen egingo dituzte bazkariak. Laudion, txokolatada ere egingo dute Herriko Plazan, 17:00etatik aurrera. Izen-ematea azaroaren 7an bukatuko da.

“Laudioko Udaletik dei egin nahi diegu udalerriko herritar guztiei ekimen bikain honetan parte har dezaten. Ekimen hori posible izango da Udaleko zurrumurruen aurkako eragileen lanari esker, Cear-Euskadirekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera antolaketan parte hartzen ari baitira”, adierazi du Laudioko Gizarte Ongizate, Lankidetza, Osasun eta Berdintasun zinegotzi Loli Murielek.

Iaz 44 nazionalitate ezberdinetako 1.000 pertsona baino gehiagok bat egin zuten ekimenarekin Araban, eta 2.500 pertsona baino gehiagok eta 58 nazionalitate inguruk bat egin zuten Euskadi osoan egin ziren bazkarietan.

Aurtengo Bizilagunen edizioan parte hartu duten familia guztiei eskerrak emateko topaketa azaroaren 30ean izango da, EHUko Letren Fakultatean.

Esteka honetan dago ekimenaren informazio guztia:

https://www.cear-euskadi.org/bizilagunak-una-convivencia-culturas-sin-rumores-xenobofos/

 

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.