Laudiok bere gobernantza onagatik Europan aintzatetsitako hamargarren euskal udala izan nahi du

Laudioko Udalak bat egin du ELoGE proiektuaren hirugarren edizioarekin, Gobernantzaren arloko Europako Bikaintasun Zigilua da, eta Europako Kontseiluak ematen du Gobernu onaren 12 printzipiotan oinarrituta

Berrikuntza publikoan eta kudeaketaren etengabeko hobekuntzan oinarritutako udal-estrategiarekin jarraituz, Laudioko Udalak gobernantzaren arloko Europako Bikaintasun Zigilua ezartzeko lanak hasi ditu.

Ander Larrinaga Udal Estrategia zinegotziak adierazi duenez, “Europako Zigiluaren helburua tokiko eragileen ekintza mobilizatzea eta sustatzea da, herritarrek tokiko mailan gobernantza demokratiko on bat izan dezaten, tokiko zerbitzu publikoak etengabe hobetuz eta herritarrak eta arduradun politikoak beren itxaropenen arabera inplikatuz”.

Horrela, gobernantzaren arloan lan egitea ahalbidetuko duen lan-prozesu bat abiarazi nahi da, Europako Kontseiluak bermatutako metodologia baten arabera. Halaber, toki-erakundeari aukera emango dio oinarri komun batzuekin alderatzeko, eta jardunbide egokiak hobetu eta trukatu ahal izango ditu.

Baliabide dinamikoa eta eraginkorra

Gainera, tresna ebolutiboa da, eta etengabe hobetuko da, jardunbide egokiak antzemateko sistema baten bidez. Horretarako, udal-zerbitzuen etengabeko hobekuntza sustatuko da, herritarren inplikazioarekin. “Garrantzitsua da azpimarratzea helburu nagusia ez dela zigilua edo ziurtagiria lortzea, lan egiteko moduak berritzea baizik, gobernantza irekiagoa, gardenagoa eta herritarrengandik hurbilagoa bilatuz”, adierazi du Larrinagak.

Prozesu horretan, “EUDELek, Europako Kontseiluak egiaztatutako eskualdeko plataforma den aldetik, EAEko udal hautagaitzak babestu eta koordinatzen ditu, eta Laudioko Udalari laguntza emango dio gobernantza ona ebaluatzeko prozesu honetan, Europako Kontseiluaren 12 printzipioen ikuspegitik”, gaineratu du zinegotziak.

Gobernantza demokratiko onaren hamabi printzipioak honako hauek dira: hauteskundeak eta ordezkaritza eta partaidetza justua; Eraginkortasuna eta efikazia; Irekiera eta gardentasuna; Zuzenbide Estatua; Jokabide etikoa; Eskumenak eta gaitasunak; Berrikuntza eta aldaketaren aurrean espiritua irekitzea; Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa; Finantza-kudeaketa osasuntsua; Giza eskubideak, kultura-aniztasuna eta gizarte-kohesioa eta kontuak emateko betebeharra.

Lehen lan-fase honetan, herritarrei online inkesta bat irekiko zaie, eta udalaren www.laudio.eus webgunean egongo da eskuragarri, Laudioko Udalean printzipio horiek betetzeari buruz zer iritzi duten jakiteko. “Herritarrak inkesta honetan parte hartzera animatu nahi ditut, herritarrek duten pertzepzioa ezagutzea ahalbidetuko baitu, hobetu beharreko arloak identifikatu ahal izateko”, bukatu du Ander Larrinagak.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.