Laudiok edateko uraren hornidura sarea herriko hainbat gunetan hobetuko du

Era berean, 77 sute-aho instalatuko dira, ur-hornidurako sarera konektatuko direnak.

Proiektuaren inbertsioa 605.299,92 eurokoa da guztira, eta obrek lau hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute

Laudioko zenbait gunek edateko uraren hornikuntza-sare zaharra dute, eta amaitu gabe dago; izan ere, 2007. urtean hura hobetzeko eta modernizatzeko programa bat hasi zen, baina zenbait zatitan ez zen erabat amaitu, zehazki, Latiorrondo, Areta, Santa Cruz, Motxotekale, Larraño, Landaluze eta Isasi eremuetan. Hori dela eta, ildo berari jarraituz, hainbat esku-hartze egingo dira aipatutako tarteetan, sarea guztiz berritzeko asmoz, kontagailu sektorial batzuk instalatuz.

Joseba Amondo Zerbitzu eta Auzoetako zinegotziak azaldu duenez, “Zazpi guneetako edateko uraren hornidura kontrolatuko duen eskala-sare batez hornituko dira puntu horiek guztiak, eta, besteak beste, sor daitezkeen ihesak saihestuko ditu”. Era berean, Goikoplaza kalean ere hainbat zati aldatuko dituzte, Hiru Gurutzetako biribilgunetik Tubacexerako sarreraren pareraino, Gardea kalean eta Tejeria kalean, Amurrioraino doan korapilotik hasita.

Bestetik, hidrante berrien sarea hornituz prebentzio neurriak hartuko dira. “Horrela, guztira 77 sute aho jarriko dira, eta ur hornidura sarera konektatuko dira”, adierazi du Amondok. “Zerbitzu honek larrialdietako lanak erraztuko dizkie suhiltzaileei, euren mahukak eta/edo ekipoak konektatu ahal izateko, baita kamioien zisternak urez betetzeko ere”, jarraitu du zinegotziak.

Atxa baserrirako zerbitzua

Proiektuak arreta berezia eskainiko dio Malkuartu auzoan dagoen Atxa baserriari, gaur egun ur korronterik ez duen etxebizitza bakarra baita. ‘Horretarako Larrañotik ur edangarria emango zaio inguruan dagoen baso pistatik pasatuko den hodi baten instalazioarekin ‘, ziurtatu du Zerbitzu eta Auzoetako zinegotziak.

“605.299,92 euroko inbertsioa duten hobekuntza beharrezko eta garrantzitsu horiei esker, bizilagunei bizi-kalitate handiagoa eta hobea emango diegu ur-hornidura bezalako zerbitzu garrantzitsuetan”, amaitu du Joseba Amondo zinegotziak.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.