Laudiok gerra garaiko eta gerraosteko abusuak eta indarkeria jasan zuten emakume aitzindariak omenduko ditu “Itzalpeko emakumeak” erakusketarekin

Laudio  erakusketa hartuko duen Arabako lehen udalerria izango da

XX. mendeko historian euskal emakume anonimoen ekarpenak berreskuratu eta zabaltzearen aldeko apustua egitea da Laudioko Udalak lortu nahi duen konpromisoetako bat. Horregatik, “Itzalpeko emakumeak” erakusketa ibiltari eta esklusiboa herritarrei hurbiltzea erabaki du. Erakusketa joan den otsailean estreinatu zen lehen aldiz Tolosan, eta Laudioko Kultura Etxera iritsiko da datorren ostiralean eta azaroaren 10era arte luzatuko da.

Sabino Arana Fundazioaren babesa duen erakusketa honen bidez, laudioarrak aukera izango dute euskal emakumeek Gerra Zibilean eta gerraostean jasandako abusuak eta indarkeria ezagutzeko. Baina ez bakarrik hori. Baldintza gogor haietan ere gizarteko hainbat alorretan gailendu ziren emakumeen ekarpenak azaleratuko ditu erakusketak.  Hala ere, errepresio- eta mendekotasun-giro horretan, zenbait emakumek lan handia egin zuten, batzuk politikagintzan eta erresistentzian, beste batzuk kultur arloan, euskararen aldeko lanean edota gizarte zerbitzuetan.

Horien guztien artean, batzuk erbestea ezagutu zuten, bonbardaketengatik eta ezarri zituzten arau inposatzaileetatik ihesi. Beste batzuk, fusila bizkarrera bota eta guda-zelaiara joan ziren, erretagoardian erizain gisa aritu ziren, edo klandestinitatean diktaduraren aurka egin zuten. Eta hori guztia ama izanda. Emakume hauek guztiak dira ekimen honen protagonista eta arima. Gainera, Laudio erakusketa hartuko duen Arabako lehen udalerria izango da.

Aiarako emakumeak

Aldeko ez zuten gizarte batean lagundu zuten laudioarrak eta Aiara bailarako emakumeak ere gogoratuko dituzte “Itzalpeko emakumeak” erakusketan, nahiz eta hori Kasinoan prestatuko duten beren beregiko espazio batean izan. Erakusketak horietako hamarren testigantzak eta bizipenak bilduko ditu. Proiektu honekin, Laudio Udalak IV. Berdintasun Planean zehaztutako helburuak betetzen ditu, hala nola Laudioko emakumeek kulturan egiten dituzten ekarpenak ikusaraztea eta memoria historikoa berreskuratzen laguntzea.

“Baztertuta edota izkinatuta egon diren emakumeen aurpegiak, ahotsak, balioak eta funtzioak berreskuratu, zabaldu eta balioan jartzea da helburua. Baita emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren bidean gizartea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea ere “, adierazi du Ander Añibarro alkateak. “Erakusketa lagungarria izango da egungo errealitatea interpretatzeko, memoria historikoa berreskuratzeko eta bizikidetzatik eta berdintasunetik abiatuta etorkizuna eraikitzeko”, gaineratu du Maite Cortazar Kultura zinegotziak.

Emakume zoragarri horien iragana ezagutu nahi duten herritarrek Kultura Etxera joan ahal izango dira ohiko ordutegian, astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 13.00etara eta 16.30etik 21.00etara eta, larunbatetan, 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Kasinoko ateak 17.00etatik 20.00etara egongo dira zabalik ostiral eta larunbatetan. Bestalde, eta udalerriko gazteak sentsibilizatzeko asmoz, Laudio Udalak ikasleekin joateko aukera eman nahi die herriko ikastetxeei. “Proiektua gure gizartea osatzen duten belaunaldiak hurbiltzeko bidea izango litzateke”, adierazi du Loli Muriel Berdintasun zinegotziak.

Erakusketa ostiral honetan zabalduko da arratsaldeko 19.00etan Kasinoko terrazan.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.