Laudiok Kanporamartxo ospatuko du otsailaren 16an

KANPORAMARTXO edo BASARATUSTEA (basoa + aratustea: ‘basoko inauteria’). Antzinako tradizio herrikoi bat dago: basoan jai bitxi bat egitea, Aratusteen (inauterien) aurreko igandean. Oraingo honetan, otsailaren 16an izango da. Urdaia edo txorizoa jan ohi da, txitxiburuntzian, makila batean sartuta, suaren gainean. Egia esan, oso errito zahar baten aztarnak dira: animalia baten sakrifizio bat egiten zen, basoari eskainia, basoak bueltan oparotasuna eta zoriontasuna itzul zizaizkigun.

Laudioko kasuan, jai honetaz baliaturik, Gernikako zuhaitzaren kume bat landatu zen iaz, Guzuraretx izeneko haritz ezagun baten oroimenez, San Joan ermitaren inguruetan egon zena.

Zuhaitz berriari Gernikako Arbola eta El roble y el ombú abestuko zaio (12:00etan). Jarraian, enborraren perimetroa neurtuko da, zenbat gizendu duen egiaztatzeko: urtero errepikatu nahi den erritual bat da hau. Berehala txorizoa, urdaia… (nork berea eramango du) erreko dira, jai giroan, Los Arlotes taldearen musika giroaz eta Koldo Etxebarriaren trikitiaz gozatu bitartean.

 

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.