Laudiok kiroldegiko eskubaloi kantxa konpontzeko lanak hasi ditu, kalte nabarmenak ikusi eta gero

 Irailaren amaieran lehiaketak bertan behera utzi ziren, erabiltzaileen integritate fisikoa bermatzeko, hainbat puntutan estaldura altxatzen hasi delako, eta berau osatzen duten plaka batzuk askatu egin direlako

 2017an konpondu zen, zoladura plastiko berria jarriz, material berriak mantentze-lanetarako ematen duen erraztasuna dela eta, PVC berriaren zati nagusia zaharraren gainean jarri bazen ere

 Laudioko kiroldegiko eskubaloi kantxa berriak abenduan bi urte beteko dituen arren, Udalak konpontzeko lanak premiaz hasteko agindua bideratu du. Azken asteetan kantxaren alde batzuetan hauteman diren kalteak nabarmenak izan dira, erdialdean PVC estaldura deformatzen hasi delako, eta berau osatzen duten plaka batzuk askatu egin direlako. Hori arriskutsua izan daiteke instalazioaren erabiltzaileentzat.

Hori dela eta, irailaren amaieran bertan behera utzi behar izan ziren kantxan jokatzen ziren eskubaloi, areto futbol eta hockey partidak, ez zituelako beharrezkoak ziren baldintzak betetzen, “erabiltzaileen integritate fisikoa bermatzeko xedez”, Ander Añibarro Laudioko alkateak iragarri zuen bezala.

Une honetan, erabiltzaileek erabili dezakete kantxa, baina kalteen inguruan itxita dagoen gunea saihestuz, pistaren erdialdea, hain zuzen ere.

Joseba Amondo Zerbitzu eta Auzo zinegotziak adierazi duenez, “asteburu honetako partidak jokatu ahal izateko altxatu den gunea zigilatuz Udaletik arazoari behin behineko konponbidea eman diogun arren, datorren asteetan pista berriro altxatu beharko dugu, behin betiko konponketa lanak egin ahal izateko”.

Duela denbora gutxi zaharberritutako kantxa

Kantxaren aurreko konponketa lanak 2017an egin ziren. Urteetan lanak atzeratu eta gero, PVCzko zoladura berria jartzea erabaki zen, mantentze-lanak errazten dituen materiala delako. Dena den, zati nagusia zoladura zaharraren gainean jarri zen.

Zerbitzu eta Auzo zinegotziak esan duenez, “Udaletik behin eta berriro ahalegindu gara duela bi urte kantxa aldatu zuen Galiziako Oziona Soluciones de Entretenimiento S.L. enpresarekin harremanetan jartzen, baina ezinezkoa izan zaigu”.

Esleipenaren unean enpresak fidantza bat aurkeztu zuen, 76.230 euro kostatu zen obra egiteko, baina “fidantzan jarritako kopurua ez da nahikoa konponketa lanei aurre egiteko”, esan du Joseba Amondok amaitzeko.

Atalak/Categorías Udala

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.