Laudiok LAIAplazara aurkeztu du, emakumeek beren kezkak eta bizipenak modu birtualean parteka ditzaten

Arabako Kuadrilletako eta udalerrietako Berdintasun Teknikarien Sareak Arabako Foru Aldundiarekin batera bultzatutako ekimena da

Parte hartu nahi dutenek gune interaktibo horretan sartzeko aukera izango dute laiaplazara.eus

2020ko apirilaren 15a, asteazkena. Laudioko Udalak LAIAplazara proiektua jarri du martxan, Arabako Foru Aldundiarekin, kuadrilletako langile teknikoekin eta lurraldeko gainerako udalekin batera. Espazio birtual bat da, non Arabako emakumeek beren kezkak eta bizipenak partekatu ahal izango dituzten, elkar konektatu, eta beren beharrak jaso eta erantzun, COVID-19k eragindako konfinamenduaren testuinguruan. Horretarako, laiaplazara.eus esteka erabili ahal izango da.

Proiektuaren helburua da emakumeak beren etxeetatik plaza publikora ateratzea modu birtualean, eta isolamendu sozialaren uneari erantzun bat ematea; izan ere, zaila egiten da talde-harremanak izatea. Hori lortzeko, LAIAEskolak, Arabako Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak, azken urteotan sortutako sarea erabiltzen da. LAIAplazara espazio dinamikoa da, erabiltzeko erraza, erakargarria eta parte-hartzailea, interesa duten emakumeek beren ekarpenekin parte har dezaten eta edukiak zabal ditzaten.

Plataforma dinamikoa

Loli Muriel Emakume eta Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, “Ekimena foro ireki batekin hasiko da, non lehenengo galdera bat egingo den, emakumeak konfinamendu-egoera hori nola bizitzen ari diren jakiteko, bai eta sormen-adierazpenak partekatzeko gune batekin eta galderen eta iradokizunen postontzi batekin ere”.

Pixkanaka, beste baliabide batzuk jarriko dira martxan, hala nola liburutegi ireki bat, prestakuntza-espazioak eta emakumeak teknologia berrietan ahalduntzeko tresnak. “Plataformak atal bat ere badu gizarte eta komunitate baliabideekin, koronabirus garaian emakumeei lagundu ahal izateko; besteak beste, genero indarkeriaren biktimentzako arreta zerbitzuak”, gaineratu du zinegotziak. Webguneak, halaber, tresna hori erabiltzen duenak adierazten dituen kezken erantzunak jasoko ditu, pilula gisa, Youtubeko edukiak, landa-eremuko emakumeen ezagutzak, baliabideei buruzko informazioa edo agente feministek galdera zehatz horiei emandako erantzunak.

“Laudioarrak animatu nahi nituzke ekimen hau eta laiaplazara.eus web helbidea WhatsApp edo sare sozialen bidez zabaltzera, ahalik eta emakume gehienengana iristeko eta, interesatzen bazaie, parte hartu ahal izateko”, amaitu du Loli Murielek.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.