Laudiok sanrokeak eta auzoko jaiak bertan behera uztea erabaki du

Osasun-agintariek ezarritako gomendioei erantzunez eta jende asko biltzen den ekitaldirik egin ezin delako 

“Uda-Udazkena Jaia-Kulturala” programa kultural, artistiko eta aisialdirako programa alternatibo bat lantzen ari dira, publiko guztiarentzako ekitaldi errazekin

2020ko maiatzaren 18a, astelehena. Ander Añibarro Laudioko alkateak gaur goizean jakinarazi duenez, 2020ko sanrokeak abuztuan ez ospatzea erabaki dute, COVID-19ak Euskadin eragindako egoeraren ondorioz, eta Osasun Publikoak aire zabaleko jarduerak eta hiriko ekitaldi jendetsuak egiteko espazio publikoko edukieren mugari dagokionez dituen irizpideen ondorioz.

Horrela, bete egiten dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako jarraibideak eta EUDELek, Euskadiko Udalen Elkarteak, helarazitako gomendioak (Batzorde Betearazleko kideek aho batez), edukiera murrizteari, distantzia soziala mantentzeari, sarbideak kontrolatzeari eta datozen hilabeteetan ekitaldi ez-jendetsuak egiteari dagokienez. San Rokeen etetearen berri ofizialki eman da dagokion udal batzordean, gainerako ordezkari politikoen aurrean.

Jaiak ospatzeko aurrekontuaren zati handi bat une honetan lehentasunezkoagoak diren beste behar batzuetara eramango da, besteak beste, gizarte-zerbitzuetara edo merkataritzarako eta ostalaritzarako laguntza-poltsetara.

“Gure jaiak batzarraren, koadrilen, partekatzearen eta auzokoen lankidetzaren sinonimoak dira, baina gaur egun, zoritxarrez, pentsaezina da beti bezala bizi ahal izatea. Jende-pilaketak sor ditzaketen edo beharrezko segurtasun eta higiene neurriak mantentzea ezinezkoa den ekintzak saihestu behar ditugu; horregatik, erabaki hau hartu behar izan dugu gure herriko jaiei eta ezagutzen dugun formatu tradizionalean bertan behera geratzen diren gainerakoei dagokienez”, deitoratu du Ander Añibarrok.

Uda/Udazkena Jaia-Kultura

Udalak badaki inpaktu handiko jarduerak ezin izango direla egin, baina neurri sanitarioak zehatz-mehatz betez gero, pandemiaren bilakaerak aukera ematen badu, formatu txikiko jarduerak egitearen aldeko apustua egin daiteke, hala nola kale-animazioa, antzerkia, musika eta abar, betiere edukiera mugatzeko zenbait neurri hartuta, eserita, sarbideak kontrolatuta eta pilaketak saihestuz.

Hori dela eta, “Lanean ari gara Laudioko Uda/Udazkena Jaia-Kultura programa diseinatu ahal izateko, publiko guztiarentzako ekitaldi txikiekin”, aurreratu du Maite Cortazar Jaietako eta Herritarrekiko Harremanetarako zinegotziak. “Badakigu jaiak, gizartean garrantzi handia duen garaia izateaz gain, tokiko ekonomiarentzat eragile direla. Horregatik, tokiko negozioetan duten eraginari eusteko lan egingo dugu, beti ere gure bizilagunen osasuna bermatuz”, gaineratu du zinegotziak.

“Sanrokeak bertan behera uzteko erabakia ez da erraza izan, baina zentzudunena eta arduratsuena da, bizi dugun krisi sanitarioa kontuan hartuta, non pertsonak eta osasuna lehenengoak diren. Hori dela eta, aurten ezin izango ditugu udalerriko egun handiak gozatu, oso tradizionalak eta gure nortasunari eta historiari dagozkionak, baina Laudiok ekitaldi xumeak izan ditzan lan egingo dugu, egoerak egoera, jai giroaz goza dezakegula senti dezagun. Ekitaldi txikiak antolatu behar dira, betiere behar diren segurtasun-neurriak hartuta, aurrera baikortasunez eta positiboki begiratzera bultzatzeko. Gora gure sanrokeak! Gora Laudio!”, bukatu du Ander Añibarrok.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.