Laudiok Udaleko Larrialdi Plana aktibatu eta krisi-mahaia finkatu du

Gaur goizean lantaldeak deialdia egin du, Ander Añibarro alkateak koordinatuta, udal teknikarien eta udaltzainen parte-hartzearekin, eta Laudioko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Udaleko Larrialdi Plana aktibatu du.

Udaletxean herritarrei aurrez aurreko arreta bertan behera uzteko ere agindu zuten atzo. Horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 010 edo 944 034 800 telefonoetara deitu beharko da.

Telefono horien bidez, gestio guztiak argituko dira, hala nola errolda eskaerak edo ordainagiriak, eta zalantza guztiei erantzungo zaie. Premiazko gaia edo tipologia konplexuagokoa bada, udaletxera sartzeko aurretiko hitzordua emango da, Udaltzaingoaren komisariari dagokion sarreratik.

Era berean, arreta berezia jartzea gomendatzen zaie hainbat lokaletan biltzen diren gazteei.

Gaur goizean bertan Udaleko Larrialdi Plana abian jartzeko hartutako neurriaren osagarri, aste honetan zehar hartutako neurrien artean, hezkuntza, kultura eta aisialdiko jarduerak erabat etetea eta udal instalazio guztiak ixtea daude, hala nola euskaltegia, kultur etxeak, kiroldegiak eta haurrentzako parkeak.

Halaber, ildo beretik, Dolumin Barikuarekin lotutako ekitaldi guztiak bertan behera geratuko direla iragarri zen atzo.

“Beste behin ere, lasaitasunerako deia egin nahi nuke, eta ahalik eta lasaitasun handiena helarazi; izan ere, udal gisa hartzen ari garen neurri horiek guztiak, eta hartu behar ditugunak, kontu handiz hartu behar dira birusa udalerrian zabal ez dadin; izan ere, komunitatearen osasuna denoi mesede egiten diguten keinu txiki askoren baturaren mende dago”, errepikatu du Laudioko alkate Ander Añibarrok.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.