laudioko ikasleek herriko zarata maila murrizteko lan egin dute

Laudio herri zaratatsua dela uste duzu? Zeintzuk dira zarata iturriak? Nola hobe dezakegu? Laudioko neska-mutilek ikasturte honetan tinko lan egin dute galdera hauei erantzuteko, Udalarekin bat egiten. Izan ere, azken urte hauetan Udalak gai honi ekin baitio, zarata mapa bat eta Ekintza Plana sortuz. Eskolako Agenda 21 proiektuan herriko 7 ikastetxeetako 2.558 ikaskideek parte hartu dute.

Ikastetxe eta etxean sortzen den zarata eta familia eta lagunen arteko komunikazioari buruzko gogoeta egiteaz gain, kalera atera dira entzuten diren soinuak aztertzera eta zaratak desberdindu eta neurtu dituzte, batzuk sonometroa eskuan eta guzti! Aurkitu dituzten hobetzeko arloen artean trafikoa, tabernak eta gazte lokalak aipa daitezke. Horrela, udalerri mailako diagnostikoa burutu dute eta konpromisoak eta hobekuntza proposamenak egin dituzte.

Apirilaren 20an ikasleak bildu egin ziren egindako lana bateratzeko, iritziak, ikuspuntuak, etab. trukatzeko eta baita, konpromiso eta proposamen garrantzitsuenak hautatzeko ere. Adibidez, Laudion zehar ibiltzeko eta eskolara joateko oinez edo bizikletaz ibiltzen saiatzearen konpromisoa hartu dute, eta gainerako herritarrei ere hori bera luzatu diete. Halaber, Udalari Frontoiko sabaiaren egitura aldatzea eta sentsibilizazio kanpainak egitea eskatu diote.

Ondoren, maiatzaren 25ean, egindako lana Udalari aurkeztu zioten, herria ingurunearekin jasangarriagoa eta bere biztanleentzako hobea egiten jarraitzeko asmoarekin.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.