Laudion estreinatu da nahi gabeko bakardadearen aurkako lehen prebentzio-eskola arabarra: Bakardadeak

Proiektu berritzailea da Euskadin, eta belaunaldien arteko zubi-bokazioa duen arren, adinekoak dira hartzaile nagusiak

Urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Egunean, aurkeztu da Bakardadeak-Escuela de Soledades. Nahi gabeko bakardadearen aurkako lehen prebentzio-eskola da Araban, eta Laudion egongo da. Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako esperientzia hau lurraldeko beste udalerri batzuetara hedatzea da asmoa. Belaunaldien arteko zubi‑bokazioa duen proiektua den arren, eta tokiko eragileen jarduera-proposamenei irekita dagoen arren, adineko pertsonak ditu ardatz nagusi.

Nahi gabeko bakardadea fenomeno konplexua eta dimentsio askotakoa da. Ez dago bakardadearen esanahi unibertsalik; horregatik deitzen zaio Bakardadeak eskola, ez baita esperientzia homogeneoa, estatikoa edo lineala. Hala ere, zenbait azterlanen arabera, badaude nahi gabeko bakardade-esperientziak eragin ditzaketen faktoreak eta aurreikusi egin daitezke, beraz, garrantzitsua da horiei modu egokian aurre egiteko, eta, horrela, bizitzako bakardade‑une desberdinak ahalik eta modu osoen eta atseginenean igarotzeko baliabide eta tresnak edukitzea. “Pandemiak are gehiago azaleratu du errealitate lazgarri hau. Ekimen honen bidez, trebeziak, baliabideak eta motibazioak ikasteko aukera eman nahi zaie pertsonei, beren bizitza modu esanguratsuan eta gogobetegarrian proiektatu ahal izan dezaten, bai euren buruarentzat, baita ingurukoentzat ere”, adierazi du Ander Añibarro alkateak.

Gizarte Ongizate, Emakume eta Berdintasun zinegotzi Loli Murielek adierazi duenez, “Zahartze‑prozesu sakona bizi duen gizarte baten aurrean gaude, eta ezin dugu ezikusi egin. Bakardadeak eta antzeko ekimen eta proiektuak oso garrantzitsuak izango dira”.

Jarduerak

Bakardadeak eskolak jarduera programa trinko eta joria aurkezten du: agora bat, pertsonen arteko topaketa eta harremanak errazteko eta lankidetza- zein zaintza-sareak sustatzeko; tailer eta ikastaroak, komunikazio-trebetasunak, adimen emozionala eta egokitzeko gaitasuna ikasteko; eta herritarrek euren ekimenak sortzeko laborategi bat. “Eskolak San Roketzar erretiratuen elkartean du kokaleku fisikoa; Laudio Udalak berak lagatako lokala da”, azaldu du zinegotziak.

Jardueren egutegia hilaren 18an hasiko da, “Kafea lagunartean” tailerrarekin, eta abenduaren 20an amaituko da. Parte hartu nahi dutenek urriaren 10etik aurrera eman beharko dute izena www.arabaapunto.eus webgunearen bidez, edo telefonoz 681 019 848, 10:00etatik 13:00etara.


 

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.