Laudiora iritsi da “Afrika Inspirazio – Emakumeak Defendatzaile” erakusketa

Urriaren 15etik 31ra bitartean, Afrika Inspirazio – Emakumeak Defendatzaile erakusketa bisitatu ahal izango da Laudioko udaletxean. Erakusketak Afrikako emakume apartengana hurbilduko gaitu, historia aldatu duten eta egunero giza eskubideen nahiz emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde borrokatu duten pertsona pribatu zein publikoengana, hain zuzen ere.

Nazioarteko Elkartasuna – Solidaridad Internacional GGKE-ak erakusketa antolatu du Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin. Esposizioak Susanna Martinen irudiak ditu lagungarri, eta bederatzi emakume afrikarrek osatzen dute; hainbat arlotatik inspiratzen gaituzte, hala nola, kulturatik, politikatik, ingurumenetik edo antolaketa komunitariotik.

Saharaz hegoaldeko Afrikako politikaren edo aktibismoaren emakumezko figura handiak ezagutzeko aukera emango du erakusketak, esaterako, Wangari Maathai, Bakearen Nobel Saria jaso duen lehen emakume afrikarra, nahiz Sahle-Work Zewde, Etiopiako lehen emakume presidentea eta bakearen nahiz emakumeen eskubideen aldeko borrokalari nekaezina. Baina hori nahiko ez, eta kontinenteko emakumeen eguneroko bizitzak ezagutzeko parada ere izango dugu. Horren erakusgarri dira Dalanda Diallo, alegia, Ginea Conakryko emakumeek lan egiteko lur baten jabe izateko eskubidea edukitzea lortu duen ekintzailea, eta Samuella Tine Ndiaye, gaur egun Senegalen 8.000 pertsona baino gehiagoren autonomia mikrokredituen bidez bultzatzen diharduena.

Emakume horiekin lan egiten du Nazioarteko Elkartasuna erakundeak herrialde horietan bultzatzen dituen lankidetza-proiektuen bidez, besteak beste, Haaly Pular Vitoria eta SOS GV Aide bazkideekin, Ginea Conakryn, nahiz FADEC – Nord eta Senegalgo Juristen Elkartearekin, Senegalen.

Gainera, Afrika Inspirazio kanpainan parte hartzeko aukera ere badago, beste emakume inspiratzaile batzuk proposatuta www.solidaridadsi.org webgunearen bidez. Haren historiarekin eta erakusketa osatzen duten Afrikako gainerako emakumeenarekin, liburu bat egingo da elkarlanean, eta Interneten ipiniko da eskuragarri.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.