Pio XII kalea Batzalarrin izatera pasatu da

Laudioko Udalbatzak, 2016ko abenduaren 26an egin duen ohiko Osoko Bilkuran, besteak beste, gehiengoz, EH Bildu (5) eta EAJ-PNV (5) aldeko botoaz; eta OMNIA (3); PSE-EE (2) eta PP (1) kontrako botoaz, honako erabaki hauxe hartu du:

LAUDIO UDALERRIKO KALE IZENDEGIA EGOKITZEKO PROPOSAMENA: “BATZALARRIN” TOPONIMOAZ ORDEZTEA ORAINGO “PIO XII” IZENA. ALKATE-UDALBURUAREN PROPOSAMENA UDALBATZARI

Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko otsailaren 26an izandako ohiko bileraren barruan, galde-eskeen atalean, oraingo Pio XII kalea berrizendatzeko egon litezkeen bestelako aukerak aztertzea erabaki zuen. Hauek izan ziren zehaztutako aukerak:

  1. Gabriel Aresti.
  2. Toponimia-izen bat, Euskara arloaren proposamenaz.
  3. Hezkuntza, Berdintasuna eta Gazteria arloaren proposamena.

Behin aztertuta zeuden aukera ezberdinak, Euskara Arloaren bitartez proposatutako BATZALARRIN izenari eman zaio lehentasuna bera baita udal arautegietan jasotakoarekin hobekien egokitzen dena. Bestetik bat dator toponimia, ondare elementua izanagatik, zaintzeko irizpide orokorrekin. Gure historian, gainera, garrantzi bereziko izena da Batzalarrin, leku horretan behinolako herri-batzarrak egiten zirelako, oraingo udalaren aurrekaria. Egungo Pio XII kalea da, gainera, proposatutako izen hori eramateko kale egokien eta hurbilena arestian esandako txostenean ondo adierazi bezala. Xehetasun gehiago izateko, erabaki honi atxiki zaio, eranskin moduan.

Aintzat hartuta Euskara Arloko Buruak idatzitako txostena eta gainera Euskaltzaindiaren Onomastika Zerbitzuaren onespena duena.

Bestetik, kontuan izan behar da Pio XII kaleari zuzenki lotua beste barne-kale bat dagoela udal kale-izendegi ofizialean, “Pio XII (pasabidea / pasaje)” izenekoa. Hori ere egokitu beharko litzateke izen berbera erabiliz, “Batzalarrin (pasabidea / pasaje)” izatera pasatzeko.

Ikusita Euskara Arloko Buruaren proposamena.

Ikusitakoak aintzat hartuta, Alkate-udalburu honek UDALBATZAri proposatzen dio har daitezen ondoko ERABAKIAK:

LEHENENGOA. Onartzea egungo Pio XII kale-izenaren aldaketa eta bere ordez BATZALARRIN toponimo historikoa jartzea.

Izen horrekin izendatzen zen herri-batzarrak egiteko lekua, zuhaitz baten inguruan hasieran, eta harrizko mahai batean geroago. Hau da, oraingo udalbatzaren aurrekaria da. Izatez, toponimoaren esanahia ‘batzarretako eliza-aurrea’ da.

Bere euskarazko deklinabidea Batzalarringo (eta ez Batzalarrineko), Batzalarrindik, Batzalarrinen, Batzalarrinera… izango da.

Azentuazioari dagokionez, Batzálarrìn egingo da euskaraz (azentu nagusia bigarren silaban eta azentu ahula azkenekoan) eta gaztelaniaz, Batzálarrin.

BIGARRENA. Onartzea egungo “Pio XII (pasabidea / pasaje)” menpeko kale-izenaren aldaketa eta bere ordez “BATZALARRIN (PASABIDEA / PASAJE)” izena jartzea, kontuan izanda erabilera zuzena dela “Batzalarrin pasabidea” euskaraz eta “Pasaje Batzalarrin” gaztelaniaz.

Baina forma biak ezinbestez elkarrekin agertu behar direnean halaxe egingo da: lehenago euskarazko “pasabidea” generikoa eta geroago gaztelaniazko “pasaje” generikoa, barra zeihar bat tartean. Hau da, “Batzalarrin (pasabidea / pasaje)”.

Bestetik, “pasabidea” hitzaren amaiera artikulua da eta ez berezko soinua. Beraz, “pasabidea”, “pasabidean” baina ez “pasabideako”, “pasabideatik”… “pasabideko”, “pasabidetik”… baizik.

 

 

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.