STOP PLASTIKOAK!

2019-20 ikasturte honetako Eskolako Agenda 21en gaia oso argia izan da: Stop plastikoak! Harridura- markarekin gainera, eta ez kasualitatez. Hondakinen gaia lehenago ere jorratu dute, baina oraindik udalerriko kale, ibai eta mendietan plastikozko hondakinak botata ikus daitezke.

Gainera, komunikabideetan etengabe agertzen dira plastikoak “itotako” itsaso eta ozeanoen irudiak. Nork ez du ikusi plastikoen artean  harrapatutako edo janariarekin nahastu eta hilik azaltzen den animaliaren argazkia?

Eta mikroplastikoak… gehienek ezagutzen ez dituzten plastikozko partikula txiki horiek, gaur egun botilako uretan, kosmetikoetan, erosten ditugun arropa eta bestelako produktuetan… aurki daitezke.

Horregatik guztiagatik, Laudioko ikastetxeetako ikasleek arazo orokor horri buruz hausnartu eta lan egin dute, eta hainbat jarduera egin dituzte, hala nola, Plastikorik gabeko hamaiketakoa, Patio garbiak, otartekoa eramateko oihalak egiteko Tailerra eta hondartzako hondarra bahetzeko eta behatzeko Tailerra.

Hala ere, ikastaro hau ez da erraza izan, martxoan eskolak eta errutina eten egin baitziren bat-batean, COVID-19k eragindako osasun-alarmaren ondorioz. Baina, aurrera jarraitu dute, eta bitarteko telematikoak erabiliz, proposamenak eta konpromisoak adostu eta udalari helarazi ahal izan dizkiote. Proposamenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

Herriko jaietan erabili daitezkeen plater, ontzi, eta abar… berrerabilgarriak edo paperezkoak izatea.

Herri mailako patruila berdeak antolatzea, herritarren parte-hartzearekin, garbiketak egiteko.

Herritarrak eta enpresak mikroplastikoei buruz informatzea. Adibidez, udal web orrialdearen bidez.

Bestalde, haurrek eta gazteek beren otorduetan eta familiak egiten dituen erosketetan  plastikoa ez erabiltzeko konpromisoa hartu dute. Eta, oro har, proposatzen dituzten udal-ekimenetan parte hartzeko konpromisoa ere bai. Hau da, beren aletxoa jartzeko prest daude, 2050ean itsasoan arrainak baino plastiko gehiago egongo direla dioen estatistika beldurgarria bete ez dadin.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.