
Laudioko Udalak 12 eta 21 urte arteko gazteei zuzendutako campus teknologikoa eskainiko du uda honetan. Ikastaroan hainbat gauza landuko dituzte: programazio bisualaren bitartez errobotikarako sarrera, errobotikako hardware ezagutzak eta smartphonetako aplikazioen diseinurako hastapenak.
Campusa bi txandetan banatuko da, partaideen adinaren arabera. Lehenengoa, 12 eta 17 urte artekoentzat (1999-2004) izango da, eta ekainaren 27tik uztailaren 1era gauzatuko da, 9:30etik 14:00etara. Bigarren txanda, berriz, 18 eta 21 urteko gazteei zuzendutakoa, uztailaren 4tik 8ra murgilduko da teknologiaren munduan, 9:30etik 14:00etara.
Jarduera honen inguruko informazio gehiago jaso edo izena emateko udaletxeko Gazteria Zerbitzuko bulegora jo daiteke edo 94 403 48 50 telefonora deitu.