Udal Euskaltegia: 2020ko uztaila eta iraileko ikastaro trinkoak

2020ko ekainaren 2a, asteartea. COVID-19ak sortutako alarma egoera dela eta Laudioko Udal Euskaltegian lanean ari dira uztailean eta irailean A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetako ikastaroak eskaini ahal izateko.

Ikastaroak egunerokoak izango dira, astelehenetik ostiralerakoak, 5 ordukoak eta goizeko ordutegian, 08:30etik 14:00etara.

Euskaltegian hartu beharreko prebentzio-neurri guztiak hartuko dira COVID-19aren transmisioa ekiditeko: gorde beharreko distantzia soziala, maskarak, garbitzeko eta desinfektatzeko materiala eta produktuak, etab.

Euskaltegitik azpimarratu nahi dute “egoera berrira moldatzeak egokitzapenen bat ekarri ahal digu. Aurrerago, zehaztapen gehiago helaraziko dizkizuegu. Erabakiak, betiere, ikasleen ongizatea lehenetsiz hartuko dira”

Matrikula epea zabalik dago ekainaren 26ra arte, uztaila eta iraleko ikastaroetan izena emateko.  Nabarmendu nahi dute iraileko matrikula ekainean egiten dela.

COVID-19aren ondorioz, denbora gehiena telematikoki ari dira lanean; beraz, une honetan, e-mail bidezko komunikazioa lehenesten da (euskaltegia@laudio.eus) zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskuratzeko.

Euskaltegian telefonoa (946722838 – 946722200) goizeko ordutegian hartuko da eta 12etatik 14:00etara  bulegoa zabalik egongo da.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.