Udalak berraktibatu egiten du Udaleko Larrialdi Plana, eta bere baliabideak Eusko Jaurlaritzaren esku jartzen ditu berriro

Ander Añibarro alkateak Laudioko Udaleko Larrialdi Plana aktibatu du berriro astelehen honetan

Helburua da erantzun koordinatua eta eraginkorra ematea Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-alertaren egungo egoerari

Laudioko alkate Ander Añibarrok Udaleko Larrialdietarako Plana aktibatu du berriro astelehen honetan, eta Eusko Jaurlaritzaren esku jarri ditu udal-baliabide guztiak, erantzun koordinatua eta eraginkorra emateko Iñigo Urkullu lehendakariak ezarritako osasun-alertaren egungo egoerari.

Joan den martxoan bezala, alkateak etengabeko harremana du Eusko Jaurlaritzako sailekin, batez ere osasun- eta segurtasun-sailekin, ekintzak koordinatzeko eta osasun-egoeraren bilakaerari buruzko informazioa partekatzeko. Horretarako, aurreko Udal Larrialdi Planean aktibatutako lan-mahaia martxan jarri da berriro. Lantalde hori alkateak koordinatzen du, eta teknikariek eta udaltzainek parte hartzen dute.

Udaleko Larrialdi Planaren helburua arrisku larriko egoerei aurre egitea da, eta osasun-alerta, istripu, hondamendi edo lazeria publikoa gertatuz gero, herritarrak eta udal-ondasunak babesteko beharrezko bitartekoak eta baliabideak mobilizatzeko mekanismoak zehazten ditu, bai eta Udalaren eta beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuen arteko koordinazio-modua ere.

“Azken hilabeteetan maiz esan dudan bezala, lasaitasunerako deia egin nahi nuke berriro, eta ahalik eta lasaitasun handiena helarazi; izan ere, toki-administrazio gisa hartu ditugun neurri guztiak, eta hartu behar ditugunak, kontu handia dira udalerrian birusa berriro ager ez dadin, erkidegoaren osasuna guztion erantzukizunaren mende baitago”, adierazi du Ander Añibarrok.

Gizarte-zerbitzuak

Udaleko Gizarte Ongizate Sailak, bestalde, Udaleko Larrialdi Planean jasotako protokolo guztiak jarri ditu martxan, eta eskura dituen baliabide guztiak ditu, boluntario gisa eta Laudioko Gurutze Gorriaren laguntza zenbatezinarekin. Gizarte-zerbitzuak eskatu ahal izateko, horretarako prestatutako telefonora deitu behar da: 94 40 34 840. Ondoren, gizarte-langileak eskatzaile bakoitzarekin harremanetan jarriko dira ahalik eta laguntza gehien emateko. Ildo beretik, behar duten emakumeen eskura mantentzen da Udaleko Emakume eta Berdintasun Zerbitzua, telefono berera deituz sar daitekeena.

Era berean, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak, koordinazio-lanetan, telefono bidez (945016702) eta posta elektroniko bidez (emakunde.zuzendaritza@euskadi.eus) mantentzen du herritarrentzako zerbitzua. Era berean, Emakundek gogorarazi du alarma komunitarioko egoeretan, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa oraindik ere funtsezkoa dela.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.