
Laudioko Udalak inkesta bat egingo du udalerrian bizi diren pertsonen mugikortasun ohiturak ezagutzeko. Galdetegia posta bidez bidaltzen hasi dira dagoeneko, ausaz hautatutako hainbat etxetara
Ekimen hau Laudioko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana egiteko prozesuaren baitan dago, eta laudioarrek eguneroko joan-etorriak egiteko dituzten ohiturei buruzko informazio zehatza biltzea du helburu; hain zuzen ere, inkestan eskatzen diren datuek 2020ko urriaren 27a baino lehenagoko ohiko lanegun bat islatu behar dute, itxialdi perimetrala ezarri baino lehen, alegia.
Era berean, galdetegiak herritarrek udalerriko mugikortasunaren inguruan duten pertzepzioaren berri ere emango du, hartara, ikusten dituzten arazoak edota hobetu beharreko arloak ere helarazteko aukera izango dute inkesta betetzen duten bizilagunek. Gehienez ere abenduaren 10ean iritsitako galdetegiak aztertuko dira, eta jasotako informazioak Laudiorako mugikortasun-eredu osasungarriagoa, atseginagoa eta iraunkorragoa diseinatzen lagunduko du.
Gainera, galdetegi hori osatzen duten pertsona guztiek 150 euroko 2 bonoren zozketan parte hartu ahal izango dute, udalerriko dendetan erabiltzeko.