Alkateak eta Osasuneko sailburuak Laudioko osasun-zentro berria egingo den lekura bisitatu dute

Egungo anbulatorioa ordezkatuko duen zentroak 6.000 metroko azalera izango du, eta lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko kontsultez gainera, honako zerbitzu hauek hartuko ditu: Etxeko Ospitalizazioa, Erradiologia eta Osasun Mentala

Azpiegitura berriak 11 milioi euroko inbertsioa izango du eta obrak 2022ko udan has litezke

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak eta Ander Añibarro Laudioko Alkateak udalerri horretako osasun-zentro berriari buruzko lan-bilera izan dute gaur eguerdian. Osasun-zentro horrek bertako herritarrentzako osasun-laguntza hobetuko du. Bileraren ondoren, 11 milioi euroko kostu zenbatetsiko eraikina hartuko duen lekua bisitatu dute. Eraikinaren obrak 2022ko udan has litezke.

Inbertsio horrekin, Osasuneko Sailburuak baliarazi nahi izan du bere sailak eta Osakidetzak lehen mailako arreta indartzearen alde egindako apustuari. Bestalde, Alkateak biziki eskertu eta balioetsi du osasun-zentro berria —egungoa baino handiagoa— eraikitzeko erabakia, biztanle kopuruari dagokionez Arabako bigarren handiena den udalerri horretan.

Zentroak Zumalakarregi kalean dagoen Laudioko oraingo anbulatorioa ordezkatuko du, gaur egun txikiegia baita herritarren beharrei erantzuteko. Zentro berriak —funtzionalagoa eta laguntza-beharretara egokitua— aukera emango du zerbitzuen zorroa zabaltzeko. Laudiok dituen 20.000 biztanleri baino gehiagori lehen mailako arreta-zerbitzua eskaintzeaz gainera, kanpoko kontsultak eta zerbitzu hauek hartuko ditu: Etxeko Ospitalizazioa, Erradiologia eta Osasun Mentala. Zerbitzu horiek Aiarako biztanleentzat —42.000 baino gehiago— egongo dira eskuragarri.

Zehazki, 6.000 metro karratuko azalera izango du osasun-zentro berriak, eta Goikogane eta San Martin kaleen arteko izkinako partzela batean egongo da.

Arabako Lurraldean kokatuta, Laudioko anbulatorioa, aurki Laudioko osasun-zentroa deituko dena, Barrualde-Galdakao ESIari dagokio, eta Laudioko Lehen Mailako Arretako Unitatearen buru da. Unitate horrek Okondoko eta Orozkoko kontsultategiak ere hartzen ditu.

 

Aurreikuspenen arabera, obrak 2022ko abuztuan hasi eta 2024ko martxoan amaituko dira.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.