Jaien datak erabakitzeko herri galdeketan ez da lotesle izateko ezarri zen minimoa lortu

2.072 pertsonek parte hartu dute bozketan (%13,12), baina ez da lotesle izateko ezarri zen minimoa gainditu (%20a), beraz, San Roke jaiek oraingo datak mantenduko dituzte.

Laudio, 2017ko urtarrilaren 22an.- Laudion igande honetan egin dute herriko historiako lehenengo herri galdeketa San Roke jaien datak erabakitzeko. 2.072 pertsonek bozkatu dute. Hala ere, partehartzeak ez du minimoa lortu erabakia lotesle izateko, bozkatzeko eskubidea zuten 16 urtetik gorako 15.794 pertsonen %20a, 3.159 herritarren bozka.

Laudioarrek hurrengo galdera erantzun behar izan dute: “Zein data da egokiena, zure ustez, Laudioko Jaientzat?”. Horretarako hurrengo aukeretako bat hautatu behar izan dute:

  1. Oraingo datak: 15, 16, 17 eta abuztuko azken 5 egunak, azken igandean bukatzeko.
  2. Jaien hasiera San Roke eguneko aurreko ostiralean eta bukaera hurrengo asteko igandean, hau da, 10 eguneko iraupena.
  3. Jaien hasiera abuztuaren 15ean eta iraupena 7 eta 10 egun bitartekoa.

Lehengo aukerak %43,68ko babesa eskuratu du (905 bozka), bigarren aukerak %7,34a (152 bozka) eta hirugarren aukerak %47,68 (988 bozka).

Laudioko Udalaren udalbatzak onartu zuen irailaren 9an ez ohiko udal osoko bilkuran egitea herri galdeketa 2017ko urtarrilaren 22an Laudioko Herriko Jaien datei buruz. Akordioaren arabera, bozketak babes legala izateko deitutako herritarren %20ak parte hartu behar zuen.

Emaitzen analisia

Hurrengo asteartean, urtarrilaren 24an, Laudioko Udalak prentsaurrekoa eskainiko du hedabideen aurrean herrian egin den lehenengo galdeketa honen datuak eskaintzeko eta Udalak esperientziaren balorazioa egingo du. Hitzordua goizeko 9:30etan izango da udaletxeko Udalbatza Aretoan.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.