Laudiok hasiera eman dio 2022ko aurrekontu parte-hartzaileak egiteko prozesuari

Berrikuntza gisa, aurten herritarrek aurkeztutako proiektuak bozkatzeko fase bat izango du prozesuak

2020ko aurrekontuak egiteko, Ander Añibarro alkatearen Gobernu Taldeak, Laudion lehen aldiz, aurrekontu parte-hartzaileen prozesu bat jarri zuen abian, laudioarrek etorkizuneko Laudioaren eraikuntzari buruzko ideiak eman zitzaten.

Orain, hurrengo aurrekontuak idazten hasteko unea iritsi da, 2022rako prest egon beharko dutenak, eta aurrekontu horiek ere parte hartzeko prozesua izango dute. Eva Marquínez Ekonomia eta Ogasun zinegotziak azaldu duenez, “Tresna honek Laudioko herritarrei aukera ematen die udal aurrekontuaren zati bat nola erabili proposatzeko, jarduera eta ekimen berriak garatzeko”. Horretarako, 2022rako, “Laudioko Udalak 200.000 euro gordeko ditu aurrekontutik, eta herritarrengandik zuzenean datozen proiektuak gauzatzeko erabiliko da”.

“Laudion erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edonork parte har dezake 2022rako aurrekontu parte-hartzaileei ideiak ematen, udalerriko talde eta elkarteez gain”, zehaztu du Marquinezek.

Aurrekontuen prozesuaren faseak

Lehenengo fasean, uztailean martxan, laudioarrek beren ideiak aurkeztu ahal izango dituzte, eta oinarrietan jasotzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

Proposamenak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira, udaletxeko beheko solairuan egongo den hautestontzi batean, edo www.laudio.eus udalaren webgunean jarriko den inprimakiaren bidez. Horretarako, ideiak proposatzeko eredua aurkeztu beharko da (Hazen eta udalaren webgunean eskuragarri), bai eta erantsitako dokumentazioa ere, beharrezkoa bada.

Bigarren fasean, abuztuan, jasotako proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute udal sailek, ikuspuntu juridiko, tekniko eta ekonomikotik. Legezkoak eta bideragarriak diren proposamenak hirugarren fasera igaroko dira. Fase hori irailaren lehen hamabostaldian egingo da, eta, bertan, hautatutako proposamenak herritarrek bozkatuko dituzte. Bozketa aurrez aurre, Laudioko udaletxean edo udalaren webgunearen bidez egin ahal izango da.

Azkenik, laugarren fasean, herri-bozketaren emaitzak aztertuko dira, eta lehenetsitako proposamenak 2022rako udal-aurrekontuaren proiektuan sartuko dira, Udalbatzak onar ditzan.

Herritarren parte-hartzeak markatutako legealdia

2020tik 2021era bitartean, partaidetza-aurrekontuak martxan egon diren urteetan, hainbat jarduera jarri ditu abian Udalak auzotarren proposamenen ondorioz; hala nola, Zuberoa kaleko eta inguruko aparkalekuak berrantolatzea; bizikletak garbitzeko gune bat jartzea; Laudion Kulturaren Plan Estrategiko bat idaztea.

Baita Nerbioi ibaia garbitzea (Enplegu Planaren esparruan landutako proiektua) eta Arrañon askaldegi bat egokitzea ere. Era berean, bidegorria asfaltatzeko lehen fasea egin da; Kiroldegiko kantxa berritu da, kirol diziplina gehiago egin ahal izateko tarima berri baten aldeko apustua eginez. Gainera, “Lamuzako parkerako irisgarritasuna hobetuko da 2021eko bigarren seihilekoan, eta Laudioko haur-parke baten estalkia jarriko da. Bestalde, aurten ere skateparka berritu eta pumptrack berria egingo da “, adierazi du Ander Añibarrok.

Zentzu horretan, Eva Marquínezek gogorarazi duenez, “gaur egun Udalean indarrean dagoen 2021eko aurrekontuan 500.000 euro inguru sartzen dira.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.