Laudioko Udalak inbertsio eta zerbitzu berrietan oinarritzen du 2022ko aurrekontua

⁃ Ander Añibarro buru duen Gobernu-taldeak Laudioko auzoetan inbertsioak egitera bideratuko du inbertsioen % 4,3a, auzotarrek proposatutako proiektuen aldeko apustua eginez

⁃ Aurkeztutako kontuei esker, udalerriaren funtsezko beharrei erantzuten jarraitu ahal izango da, merkataritzarako, enplegurako, gazteentzako eta gainerako taldeentzako laguntza-lerro eta zerbitzu berriak barne

Hirugarren urtez jarraian, Laudioko Udalak bere kontuak onartuta ekingo dio ekitaldi berri bati. Gobernu taldeak, Ander Añibarro buru duela, 2022ko aurrekontuak prest ditu urteko lehen egunetik udalerriarentzat funtsezkoak diren proiektuei ekiteko. Kontu berriak, aurreko ekitaldikoak bezala, COVID-19aren pandemiak eragin duen testuinguru sozioekonomikoak markatzen ditu. Hala ere, Ander Añibarro alkateak esan duenez, “Kontuak udalerriko ekonomiaren, gizartearen, kulturaren eta aisialdiaren susperraldirako daude planteatuta”.

Horrela, honetan oinarritutako aurrekontu bat aurkeztu da: “udaleko zerbitzu publikoak modernizatzen eta eguneratzen jarraitzea, eta laguntza-behar handienak dituzten kolektiboei, familiei, merkataritzari, langabetuei eta abarri, lehentasuna emateko ahaleginari eustea, aurreko ekitaldietan egin den bezala”, erantsi du Eva Marquínez Ekonomia eta Zergen Kudeaketa zinegotziak.

Udal zerbitzuetara egokitutako aurrekontua

2022rako aurkeztu den udal aurrekontua 23.492.359,61 eurokoa da, eta udal Euskaltegirako 789.687,88 euroko partida jasotzen du. Hala ere, Udalak datorren ekitaldian lanerako izango duen zenbateko osoa 2021ekoa baino txikiagoa da, ur-zikloaren kudeaketa integralerako ur-partzuergoari atxikitzearen eta hiltegiaren jarduera etetearen ondorioz, batez ere. “Zerbitzu horien kontuen gaineko eragina kentzen badugu, Laudioko Udalak 2022rako duen aurrekontua % 5,1 hazi da, 2021arekin alderatuta”, zehaztu du Eva Marquinezek.

Partidaz partida

Langileen ordainsarien kapituluan, oro har, % 2ko soldata-igoera ezarri da, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuan jasota dagoena.

Diru-laguntzetarako partida ere % 3 handituko da, 2,7 milioi eurora helduz. Nabarmendu beharreko puntuetako bat hainbat kolektiborentzako laguntza-ildo edo diru-laguntza berriak abian jarri izana da:
•Eskariaren araberako taxi-programa landa-ingurunean bizi direnpertsonentzat.
•Animaliak garraiatzeko laguntzak, sakrifikatzeko.
•Gazteentzako alokairurako laguntzak.
•Negozio berrietarako alokairurako laguntzak.
•Laudioko langabeak kontratatzeko laguntzak.
•Gizarte-larrialdietarako laguntzen indartzea.

Eta aurrekontuaren % 40, hau da, 9 milioi euro inguru, Udalaren ondasun eta zerbitzu arruntetako gastuetarako dago konprometituta. Horren harira, Marquinezek azaldu duenez, “gastuaren atal honetako puntu garrantzitsuenetako bat, auzoetako garbiketa-maiztasuna handitzea ahalbidetuko digun garbiketa-kontratu berriaren ondoriozko igoera izango da”. Alkateak nabarmendu duenez, “aurrekontu honek 500.000 euroko partida berreskuratuko du udalerriko kultur eta jai jardueretarako, kaleetara bizitza itzultzeko”.

Funtsezko inbertsio-proiektuak

Inbertsioen artean, nabarmentzekoak dira Lamuzako parkeko haur-parke berria (150.000 €), Jose Matia inguruan hondakinak biltzeko sistema pneumatikoa abian jartzea (190.000 €), rokodromo bat instalatzea (75.000 €), Lamuza plazatxoa 21-35 urbanizatzea (75.000 €), Ellakuriko igerilekuak hobetzea (60.000 €) eta HAPOa berrikusteko lanak hastea (70.000 €), edo Aretako parkean estalitako espazio berri bat egokitzea (25.000 €).

“2022 ilusioz betetako urtea izango da Laudiorentzat, inbertsio eta proiektuekin, pixkanaka udalerria eraldatzeko eta modernizatzeko behar den dinamikan jarraitu ahal izateko. Gainera, 2022an inbertsio berriak esleituko dira, horretarako udal diruzaintzako gerakina erabiliz”, adierazi du alkateak.

Diru-sarrerak

Oro har, 2022ko tasak eta prezio publikoak eguneratu dira, zerbitzuak emateko estimazioekin eta onartutako ordenantza fiskaletan ezarritakoarekin bat etorriz. Azpimarratzekoa da Arabako Foru Aldundiaren Toki Erakundeak Finantzatzeko Funtsa (TEFF-FOFEL) 12.586.285,21 €-ra igo dela, erakunde finantzatzailearen estimazioetan oinarrituta, eta aurrekontuaren % 55 inguru hartuko du.

“Urtean zehar diru-laguntzak lortzeko lanean jarraituko dugu, Europako funtsetan arreta berezia jarriz, Laudiora inbertsio interesgarriak erakartzeko”, gaineratu du Marquinezek. Zentzu horretan, alkateak gogorarazi nahi izan du “Udalak dagoeneko aurkeztu dituela Europako funtsen deialdietarako proiektuak, eta horiek ebatzi zain daudela”.

Udal euskaltegia 2022

Udal Euskaltegiaren aurrekontua ia ez da aldatu aurreko ekitaldiekin alderatuta: 789.687,88 eurokoa izango da. Oro har, 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuan aurreikusitako % 2ko soldata-igoera esleitu zaie langileei, gainerako gastu eta inbertsioei eutsiz.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This blog is kept spam free by WP-SpamFree.